Nerbioi ibaiaren ezkerraldean sortua, duela jada bi hamarkada hasi zen IbonRG (Sestao, 1978) Bizkaiko eszena independiente eta esperimentalean parte hartzen, bai kontzertuak antolatzen (Kafea eta Galletak egitasmoan), bai beste musikarien lanak ekoizten eta moldatzen (Mursego, Manett, Xabier Montoia eta abar), baita -bereziki- musikari gisa, hainbat proiektutan; Eten taldearekin argitaratu dituen lau diskoekin edota ahotsezko inprobisazioa eta elektronika uztartzen dituen Gargara bikotearen lanekin, IbonRG-k erabateko pieza bilduma osatuz joan da, exekuzio gordin eta mehatxugarrikoa, eta mezu sendokoa. Orain, bakarkako lehenengo lana osatzen duten abesti hauek gehitu dizkio bere kantutegiari.
Denbora luzez, doinu hauen zirriborroak umotzen ari zirela, Koldo Izagirreren Baldintza Subjektiboak izeneko olerkiaren berrirakurketak bat egin zuen goiz askotan Ibonek esnatzean zerabilen melodia batekin. Bere hitzetan -kanta guztiak sortuak dira a cappella emateko, baina halako batean, pianora eseri nintzen melodia bat fintzeko, eta tresnak zirriborroetako batzuk zipriztindu zituen (…).
Lan bikoitza da Hil zara. Lehenengo alean a cappella emandako zortzi kanta daude eta bigarrenean piano eta ahotsez emandako beste zortzi. Lau leku hautatu ziren ‘Hil zara I’ grabatzeko (eremitorio bat, leize bat eta bi bunker), eta Ibonen ahots biluziak durundi egiten du leku horietako ertz, erliebe eta hormetan. ‘Hil zara II’, aldiz, Eibarko musika-eskolan grabatu zen, piano bakar batean eta mikrofonoak grabaketa osoan kokapen berberean zeudela. Lan honetako bi abestik izen berbera daramate, ‘Hil zara’; eta biek ala biek izena ematen diote disko osoari. Lehenengoak ematen dio hasiera lehenengo biniloari, eta bigarrenak ixten du bigarrena. Bi kantuon artean, Ibonek, hitz ezin zorrotzagoen jabe, eta subjetibismoari lekua eginez, letra-bilduma gotorra, solemnea eta, batez ere, zirraragarria aletuz doa. Dimentsio sinboliko horretan, denbora arrazionalizatzen duen gezurra estalgabetu nahi duen kanta bailitzan, kantaria neurritzat darabilgun kalkulua deszifratzeko lanetan aritzen da. Hitzak apuntatu egiten du, seinalatu egiten du eta guk naturan igar dezakegu memoriaren isla, desitxuratua, gure aurrean.