Bere sinadura daramaten hiru EP eta hogei album izanik, eta iberiar penintsulan zehar hirurehun kontzertu baino gehiago eman ondotik (eta beste horrenbeste Ingalaterran, Frantzian eta Italian), Joseba Irazokik (Bashoan, Onddo, On Benito, Atom Rhumba) «Gitarra onomatopeikoa» bildumaren laugarren alea plazaratu du orain. Aurreko lan instrumentaletan ez bezala, oraingo honetan Josebaren zenbait lagunek euren ahotsa gehitu diete erdi konposatutako edo erdi inprobisatutako bost pieza eder hauei, zeinak bat-bateko konposizioz (inprobisazio egituratuz) idatziak izan baitira.
Eztegarako bere estudioan bertan grabaturik —«Baga biga higa» izan ezik, hori Guillermo Mutiloarekin egin baitzuen Motumusikan (Iruñea)—, «Gitarra onomatopeikoa IV (+ Lagunen ahotsak)» honi hasiera ematen dio «Laphane» pieza sorgingarri eta minimalistak, zeinaren amaieran Ihitz Iriart aloztar kantariak Zuberoako bortüetako basahaire baten egokitzapena egiten baitu, alegia, artzainen arteko komunikazioa eta natura inspirazio iturritzat hartzen dituen tradiziozko kantu batena. Haren ondotik dator «Lof» kanta jostaria, zeinean Verde Pratoren ahotsak emozioz deskribatzen baitigu maitemintzearen lehen txinparta. «Pajarillo» perkusiboan, aldiz, Carlos Jimenak hegazti baten hegaldia ikusarazten digu, Mikel Laboaren leketitio klasikoaren moldaketa idiosinkratikoenetako batera iritsi aurretik. Izan ere, «Baga biga higa» piezan, jatorrizko kantatik abiatuz Irazokik sortu dituen ostinato monodiko eta arpegiatuen artean txertatu du Niño de Elchek bere ekarpenetako bakoitza, bere ahots indartsua sentikortasun handiz modulatzen duelarik. EPa ixteko, «Kapsula batean» dugu, segur aski bost kantetatik sugestio eszeniko handiena duena, kapsula batean bizitzeak sorrarazten duen itolarria azaltzen baitigu bertan Elena Setienek.
Nacho Vegas, Rudiger, Petti, Rafa Berrio, Mikel Erentxun edo Elena Setien eta beste artista batzuentzat aritzen den lehen mailako interpretea izateaz gainera, hain pertsonala den lan hau bezalakoekin Joseba Irazokik berriz ere berresten du nazioartean irabazia duen estatusa, gitarra esperimental garaikideko erreferentea izatearena, bere diskografia izanik gaur egungo errepertorio ikonoklastenetarik bat. Gainera, urteen poderioz, introspekziotik sortzen den zentzumen-inarroste kolektiboaren ezinbesteko esperientzia bihurtu dira bere kontzertuak. Azken «Gitarra onomatopeikoa IV (+ Lagunen ahotsak)» honekin, Irazokik berriz ere lortzen du, bikaintasunez lortu ere, esperimentazioa eta tradizioa naturaltasunez batzea, bere sustraiak oroitarazten dituen nostalgia transmitituz, kantu tradizionalaren mugei desafio eginez eta denboraz kanpoko soinu bat ateraz.
























