Zer ote da fedea arauaren antipodetan musika egiten duenarentzat? Horratx gure buruari egin beharreko lehenengo galdera honako topiko honen aurrean: musika inprobisatua, bat-batekoa edo, besterik gabe, aurreikusezina ezin da ezelango ortodoxiarekiko fidela izan, ezelango egia errebelatuarekiko. Hala ere, badago uste duena jadanik ezerk, ezta ‘abangoardiako musikak’ ere, ezin diela bere kode propioei iskin egin, bere ‘ortodoxia’ bereziari. Alegia, dena asmatuta dagoela. Ziur aski, Albert Cirerari eta Ramon Pratsi, trufati handiak direnez, bost axola zaie beren musika dogmarekiko zintzoa den ala ez. Nolanahi den, suntsiezina da haien fedea egiteko modu libre eta espontaneoarekiko, eta urruti dago eztabaida bizantino aspergarrietatik, jarrera transzendenteetatik, bandoetatik. Iraultza txiki baina larri bateko protagonista dira eta izango dira: Bartzelonako eszena bloketan banatzen zuen dinamika apurtzeko helburu duen iraultza. Dinamika horren arabera, alde batetik, ustez musika-eskoletako ikasgeletan doktrinatutako jazz-musikarien bandoa dago eta, bestetik, abangoardista autodidaktena. Hori bai topiko latza!
2008an eman zuten ezagutzera Duot Ramon Pratsek eta Albert Cirerak, graduatu-titulua besapean zutela, beren erritmo eta estilo bereziarekin, abeslari ospetsu hark zioen bezala, ‘ezberdin jotzeko’. Halaxe egina zuten 2000ko hamarkadaren hasieran ‘Robadors beka’ legendarioari esker, tripijocs, infeccions, Cactus, esbarts pencaires, oratoris bacterians eta askotariko ideia ugarirekin. Harez geroztik, hamaika bira egin dituzte: Errusia, Euskal Herria, Eskandinavia, Portugal, Europako ekialdea, Burgos, Banyoles, Costa Brava jaialdia edo Juan Sebastián Bar enblematikoa. Goi Aragoiaren hiriburuan. Oieskeriarik ere egin izan dituzte -10 orduko kontzertu bat, taldearen lehenengo hamarkada ospatzeko- eta, batez ere, kolaborazioak: Marc Egea hurdy-gurdy jotzailea edota Andy Moor gitar jotzailea (The Ex) -harekin batera grabatu zuten 2017ko ‘Food’ diskoa-, Juliette Louste eta Tura Coll dantzariak, Florien Stoffner gitar jotzailea, Àlex Reviriego eta Johannes Nästesjö kontrabaxu jotzaileak, Carlos Zingaro arrabitaria, Iván González tronpetista, Agustí Fernández -taldearen inspirazio iturri handia- eta Josep-María Balanyà piano jotzaileak, Paul Stouthamer biolontzelo jotzailea… Lagun itzaltsuen zerrenda ederra.
Leku orotan, bakarrik edota lagunduta, oinarrizko printzipio honetatik abiatu da Duot musika egiterakoan: bertiogoaren ertzetik soinu tramankuluak eraikitzea, funanbuluaren soka sarerik gabe zeharkatzen duenaren antzo. Cirera eta Prats jaun eta jabe dira jitoan nabigatzerako orduan, diskurtsoan eta, bat-batean soinu-giroak eraikitzen dituzte paisajistak izango balira bezala. Geometria iragankorraren maisuak, beren arkitektura errepresentatzeko kanoi bobedak, zutabe bihurrikatuak, ispilu ahurrak eta ganbilak eta, bereziki, kupulak erabil litezke, ‘Fe’ lanaren 6 piezei izena ematen dietenen kasuan bezala. ‘Cúpula 1’-ren sakontasun zaurgarriak ‘Cúpula 2’-en lehenketa bolkanikoaz ohartarazten du. ‘Cúpula 3’-en zarata reberberantetik ‘Cúpula 4’-ren estropezuetara, eta jarraian, ‘Cúpula 5’-ren oihartzun tajmahaldarretara. Azkenburukoa, ‘Cúpula 6’, aurreko bi piezetako potentzia ikaragarriaren ifrentzua; itzulera bat, beste bide batetik, ‘Cúpula 1’ren sakontasun klimatikora, hots, amaiera perfektua. Arkitektura iragankorraren sakontasuna arakatzeko bidaia latz honetan barneratzen bazarete, ondorio honetara ailegatuko zarete: Duot unibertsoan dena dator bat, harmonia sublimean ibiltzen da dena. Izan fedea.
(…) ELOGI DE L’ARQUITECTURA EFÍMERA, Martí Farré










