Elkarrekin izandako azken abenturatik (Rekalde, 2008) hamabost urtera, Enrike Hurtadok eta Tzesnek indarrak batu dituzte berriz «Cartografías» izeneko EP berri honetan.
Ameslariak Iberiar penintsulako abangoardiako musikan, soinu-arteetan eta elektronika esperimentalean, eta, aldi berean, erreferenteak industrial eta anbient arloetan. Tzesnek estudioko hamabi lan argitaratu ditu orain arte, aktibismoan eta ikus-entzunezko manipulazioko ekintzetan aritu da Paraluxekin batera, guztiz aurkakoak diren taldeetan kolaboratu du —hain zuzen, Gutural eta guZural taldeetan—, lanak atera ditu KKOPU ezizenarekin, eta mehatxua ere egin du WIIZRAD izena izango duen proposamen berri batekin arrasto guztietatik ateratzeko… Etengabe aritzen da lanak argitaratzen eta kolaborazioak egiten, hala bere zigiluetan (SerieNegras), nola beste batzuen zigiluetan, besteak beste, Abgurd, Drone, TIBProd, Mystery Sea eta Eclectic Reaction-en (azkena «Segmentos» izan da, Repetidor 2022). Bestetik, Enrike Hurtado lankidetzan aritu da Miguel A. García, Ibon RG, Thor Magnusson eta Jorge Núñez zinemagile esperimentalarekin, doktoretza egin du Euskal Herriko Unibertsitatean musika esperimentalaren eta antzinako euskal perkusio-tradizioa den txalapartaren arteko harremanari buruz, eta zenbait lan argitaratu ditu bere izenarekin eta Bazterrak eta Azunak izengoitiekin, Crystalmine, Eclectic Reactions, Pan y rosas, Antena Br, Larraskito eta Ixi-Audio zigiluetan. Bere azken lana, «20.20», Repetidor-ekin atera zen 2023an.
Orain aztergai dugun obra elektronikoaren soinudun gorputza estrukturalismo kontzeptualaren maisu-lana da. Bikoteak dotoreziaz eta ahoskera soilaz ematen dio forma hemen sartutako kartografia bakoitzari, azken forma minimala gainditzen duten egitura pizgarriak leundu gabe. Ziurrena, hor biltzen da haietako bakoitzaren magnetismo handia; eta collagea atzemateekin eta testu egokiarekin osatzen da, artefaktuaren semantika post-industrialaren eremura proiektatzeko (bi artistek ezin hobeto menderatzen duten hizkuntzara). Musika hau enigmatikoa da, eta, taupada baten gisa, haren pultsuak zorrotz egiten du durundi, baina zehaztugabe islatzen da… horrela gure gogoeta kitzikatuz. Izan ere, interpretazioaren mugetatik, haren eraginpean, fikzioa eta errealitatea lotzen dituzten kate-loturak erreproduzitzen ditugu, eta, mundu hibrido bat balitz bezala, haren soinuak gogora ekartzen digu ametsaren inkontzientzia, pertzepzio eraldatuak ukigarriaren eta potentzialaren (teoriko eta posiblearen) arteko mugak desitxuratzen dituenean, gure intuizioa behingoz askatuz. Gozatu.















