Porrotaren epika
Cristina Arroyok eta JC Peñak aurretik zuten Estoikov taldeari buruzko txiste batetik abiatuta sortu zuten El relevo alemán. 2010ean argitaratu zuten beren lehen EPa, ‘Canciones para un mundo que se acaba’. Urtebete baino gutxiagoren buruan bigarrena, ‘La última esperanza’, eta ia etenik egin gabe publikatu zuten lehenengo lan luzea, ‘El mundo antiguo’ (2011). Baina, gutxi balitz bezala, bazter utzitako hainbat kanturekin osatu zuten ‘Canciones desde el exilio’. Ez zen hor amaituko hastapenetako sasoi hura: ‘El sueño de Frank’ EPa osatzeko kantuak bildu zituzten 2013an.
Ordutik aurrera, eta Zutoia Ríos (Muerte y destrucción) hirukoaren azken kide bihurtuta, El relevo alemán tajuz saiatu da soinu propioaren bide basatia estutzen, txundigarri bezain zuhur. 2014ko ‘Königsberg’ diskoaren ondoren, bi dira Madrileko taldeak bere diskurtsoaren koordenatuak finkatu dituzten lanak: hirugarren eta azken albuma ‘Liberación’ (2015), eta 2018ko ‘Pterodáctilos’ EP zoragarria.
Orain, porrotaren epika eta misantropia militantearen atzean lubakituta, El relevo alemán-en lan berri bakoitzak taldearen idea propioak barreiatzen ditu: bertan aurkitu ahal ditugu erreferentzia historiko enigmatikoak, zinefilia vintagea eta umore tanta irrigarriak… Eta dena eraikitzen da Cristina eta JC diren bi puntu kardinal muturreko bezain osagarri horien arteko sokaren gainean. Txanpon baliotsu beraren bi alde bereizezin, kurtsotik kanpo zirkulatzeko egina dirudien txanpona.